Gipuzkoako EHAEOk GJH Sariak: hiri eta komunitate jasangarrien V. edizioko proiektu irabazleak iragarri ditu
2026ko urriaren 22
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzaren Jasangarritasun Batzordeak 2026ko GJH: Hiri eta Komunitate Jasangarrien Sarien bosgarren edizioaren epaimahaiaren erabakia jakinarazi du. Ekimen honen helburua da ingurune jasangarriagoak, inklusiboagoak eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) konprometituagoak sustatzera bideratutako proposamen arkitektoniko eta urbanistikoak aitortzea.
Edizio honetan, epaimahaiak nabarmendu egin ditu dimentsio sozialagatik, berrikuntzarako gaitasunagatik eta hiri- eta komunitate-espazioak eraldatzeko egin duten ekarpenagatik nabarmentzen diren proiektuak.
Modalitate soziala: helburuak lortzeko aliantzak (GJH 17)
Saria: TRANSPATIOA. Oiartzungo Elizalde patio eraldaketa
Gizarte modalitateko saria TRANSPATIOA proiektuak jaso du. Oiartzungo Elizalde patio eraldaketa, Maialen Mayoz Itxasok eta Idurre Olalde Olaskoagak garatua, Elizaldeko Guraso Elkartearen izenean.
Epaimahaiak bereziki azpimarratu ditu prozesuaren izaera parte-hartzailea, metodologia pedagogikoa eta hezkuntza komunitatearen inplikazioa –ikasleen protagonismo bereziarekin– eskolako patioaren eraldaketan. Proposamenak balioan jartzen du komunitateko eragileen arteko lankidetza, hezkuntza-espazio inklusiboagoak eta beren beharretara egokituagoak diseinatzeko tresna gisa.
Aipamena: Alokairu sozialeko 33 BOE, gehigarriak eta urbanizazioa
Aipamena alokairu sozialeko 33 BOE, gehigarriak eta urbanizazio proiektuari eman zaio, Miriam Varela Alonso, Mikel Arrillaga Mayoz y Santiago Lorenzo Borda arkitektoek sinatua (BIEME 2024 Arquitectura SLP, XLark Estudio de Arquitectura y Urbanismo eta Anton Pagola y Asociados SLP).
Epaimahaiak aintzat hartu du industrializazioaren arloan egindako ahalegina, bai eta diseinu-, fabrikazio- eta muntaketa-faseen arteko koordinazioa ere. Alderdi horiek garrantzitsuak dira eraikuntza-prozesu eraginkorrago eta koordinatuagoetara aurrera egiteko.
Ingurumen modalitatea: ur garbia eta saneamendua (6. GJH)
Ingurumeneko modalitatean, 6. GJHri dagokiona (Ur garbia eta saneamendua), saria eman gabe utzi du epaimahaiak, baina URBAN OASIS proiektuari aipamena eman dio Arantzazu Luzarraga Iturrioz eta Juan Antonio Sádaba Fernándezek, Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikokoak (EHU).
Proposamena bere berrikuntza teknikoagatik eta hiri-birnaturalizaziorako eta lurzoruaren iragazkortasuna hobetzeko estrategien potentzialagatik aintzatetsi da. Estrategia horiek funtsezkoak dira uraren kudeaketa jasangarriagoa ahalbidetzeko eta hiri-inguruneetan naturaren integrazioa indartzeko.
Diziplina anitzeko epaimahaia
Bosgarren edizio honetako epaimahaikideak hauek izan dira: Iker Mardaras, Gipuzkoako EHAEOko Jasangarritasun Batzordeko zuzendaria; Inhar Agirrezabal Saenz de Santamaria, Alfonso López eta Rocío Merchante, batzorde bereko kideak; Xabier Pérez de Arenaza, HABICeko ordezkaria; Mari Jose Moreno Juan, Gipuzkoako EHAEOko Gobernu Batzordeko kidea; Maddi Garmendia Antin, ingeniera eta Euskal Herriko Portuen Elkarteko zuzendaria eta EHUko irakaslea; eta Arantza Acha de la Presa, UN ETXEAko (UNESCOrentzako Eukal Herriko elkartea) zuzendaria.
Eztabaidaren amaieran, epaimahaiko kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete hautagai izan diren talde eta erakunde guztiei egindako ahaleginagatik eta aurkeztutako proposamenen kalitate teknikoagatik. Era berean, hiri eta komunitate jasangarriagoak, inklusiboagoak eta erresilienteagoak eraikitzen laguntzen duten ekimenak bultzatzen lagundu izana aitortu dute.